
Herrian jendearen etengabeko joan-etorriak aunitz bulkatu ditu zerbitzuak. Hori dela-eta, merkatariak behartuta daude herriko jendeari eta kanpotarrei merkataritza espezializatua eskaintzera, hiriburuan ematen denaren mailakoa, hagitz lehiakorra eta guztiz kualifikatua. Udalerriko biztanleria aktiboa 1.291 pertsonetakoa izanik, Zerbitzuen sektoreak biztanleria okupatuaren %80 hartzen du. Hau da, biztanleria aktiboa osatzen duten 742 pertsonetatik, okupatuak 549 dira. Gainera, Doneztebekoak izan ez baina bertan lan egiten duten pertsonak daude, hau da, Donezteben erroldatuta ez daudelako aitzineko datuetan sartu gabe geratu direnak. Bertako eta kanpokoei ematen zaizkien zerbitzuak honako hauek dira: aholkularitzak, autoeskolak, tabernak, kafetegiak, harategiak, zurgindegiak, zurgindegi metalikoak, ibilgailuen marka nagusien kontzesionarioak, kirolak, drogeriak, ebanisteria, elektrizitatea, etxetresna elektrikoak, banketxeak, estankoa, botika, burdindegiak, loradendak, argazkidendak, gasolindegiak, errementeriak, dantzalekuak, ostatuak, jostailudendak, liburudendak, etxeko tresnak, altzaridendak, sukaldeko altzariak, okindegia, ileapaindegia, arrandegia, jatetxeak, arropa, aseguruak, ibilgailuak konpontzeko tailerrak, oihalak, janaridendak, tindategia, kotxe, txirrindula eta motoen salmenta, izoztutako eta aurrezprestatutako jakien salmenta, albaitaria eta zapategiak. Merkataritza da Doneztebeko bizibide garrantzitsuena, Erdi Aroan merkatarien herritzat jotzen bazen, zaindu beharreko gizarte faktoretzat hartu behar dugu, udalerriko ekonomia gehiena sortzen baitu. Bertze % 10 Industria Sektoreak hartzen du, zura lantzen duten 3 enpresarekin, 150en bat pertsonari lana emanez. Gainontzeko % 10 eraikuntzak hartzen du. Kontuan hartu behar baita Arau Subsidiarioaren Berraztertzeari esker eraikuntza aunitz azkartu dela Donezteben. 400 etxebizitza eraiki daitezke, etxebizitzen eskaera gero eta handiagoa da. Sektore honek bere hornigaiak Donezteben zentralizatzen ditu, hainbat arlotakoak: eraikuntza, iturgintza, elektrizitatea, pintura, makineria astuna eta hagitz espezializatua. Dotazioak: Donezteben kirol azpiegitura aunitz daude. Udalak ahalegin handia egin du herria kirol azpiegiturez hornitzeko, bertzeak bertze: igerilekua, pilotalekua, gimnasioa, kiroldegia, pilotaleku estalia, pilotaleku irekia, haurrentzako parkea eta aurki squasha eta muskulazio gela eginen dira. |
