Bestaberri:
San Pedroko bestak baino lehen, ospakizun handia da Bestaberri. Bestetan bezala txistulariak karriketan zehar ibiltzen dira eta Udalbatza mezetara joaten da.

Herria prozesiorako apaintzen da, ibilbide osoan zehar lurrean mihisea paratuz, iratzeak lurraren gainean eta hormak estaliz zuhaitz adarrak. Herriaren bandera zenbait aldiz Jaunaren aitzinean mugitzen da, txistu soinuaz lagunduta, musika bakun eta ia militar itxurako batekin.

Jesusen Bihotza: Bestaberri egunaren antzekoa, besta hauek Nafarroako herri aunitzetan galdu badira ere, gure herrian gero eta errotuago daude, herriaren partehartze gero eta handiagoarekin, karrikak apainduz, prozesioan parte hartzen, etxeetako balkoiak eta aurrealdeak edertuz. Besta zinez ikusgarria da.

"San Pedroak", herriko bestak: Ekainaren 29an ospatzen dira. Suziria bezperan 20:00etan botatzen da. Txistulariak karriketan zehar ibiltzen dira. San Pedro egunean Udalbatza meza nagusira joaten da. Ateratzerakoan dantzariak herriko dantzak dantzatzen dituzte; haien artean "Trapatan", azkenaldian berreskuratutako dantza. Mezatik ateratzerakoan bandera dantzatzen da eta Udalak usadioari jarraiki herritarrei aperitiboa eskaintzen die udaletxeko arkupeetan, txikienendako erraldoi eta kilikiekin. Igande gauean su artifizialak erretzeko ohitura da. Besta hauetan derrigorrezkoak diren musika taldeez gain, aizkora apustuak, haurrendako kart-ak eta herri bazkaria, gazteen artean horren harrera ona duen karaokea eta guzti.


 


Feriak:
San Martinen hurrengo ortziralean ospatzen dira, beti ere San Martin aste horretako astelehena, asteartea edo astezkena bada, bertzenaz hurrengo astera aldatzen dira. Herriarendako garrantzi handiko besta da, eskualde osoa biltzen baitu, aziendak, janariak, zuntzak... ikusgai egoten dira.

 


Santa Luzia eguna:
Abenduak 13, lehen garrantzi handiko besta zena,errotze handiko edukin erlijiosoarengatik. Meza izaten da, Santuaren erlikiak beneratzen dira eta jostunen besta da, beraien zaindaria baita.

Olentzero: Abenduak 24. Jatorri paganokoa, herrietara menditik jaisten ziren ikazkinen tradizioarekin lotua. Gure herriko ohituren ikur bilakatu da eta Aita Noeli lekua kendu dio. Olentzero egunean karroza desfileak izaten dira, haur eta gazteen partehartze handiarekin, horrela abenduaren 24an arratseko hiru edo lauretatik aitzin, karrozen ibilbideak herriko karrikak alaitzen ditu.

Errege kabalgata: Haurren besta baina gazteek ere gustokoa dutena. Inguruko herrietatik ere jendea hurbiltzen da Doneztebera kabalgata ikustera. Ilusio eta pozez betetako gaua baita txikientzat.

Inauteak: Hausterre egunaren aitzineko ortziral, larunbat eta igandean ospatzen dira. Ortzegunean (ortzegun gizena) Lehen eta Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeetako ikasleek karriketan zehar desfilatuz ospatzen dute inauteria.